skip to Main Content

Gamarrako Okintza, Pastelgintza eta Gozogintzako ikasleak Erasmus+ programarekin Grenoblen

Erdi mailako zikloko lehen mailako ikasleak aste hau Lycée Polyvalent Hôtelier Lesdiguières ikastetxeko ikasgela eta tailerretan igarotzen ari dira. Mugikortasunak nazioarteko aliantza berriak bilatzeko ere balio du.

Gamarrako Ostalaritza Eskolako Okintza, Gozogintza eta Konfiteria erdi mailako heziketa-zikloko lehen mailako lau ikasle Grenoblen (Frantzia) daude aste honetan, Erasmus+ mugikortasun batean. Aste osoan zehar, Lycée Polyvalent Hôtelier Lesdiguières ikastetxeko okintza eta gozogintza eskoletan parte hartzen ari dira, bertako ikasleekin batera.

Horrela, lehen eskutik ezagutzen ari dira tailerretan lan egiteko beste modu batzuk, teknika berriak eta okintza eta gozogintza frantsesaren tradizioko produktuak. Gainera, hizkuntza- eta kulturarteko gaitasunak hobetzen dituzte, eta beste herrialde bateko ikaskideekin talde-lanean aritzen ikasten dute. Hori guztia oso baliagarria izango zaie etorkizunean lan-munduan.

Bisitak nazioarteko berrikuntza-proiektuak bultzatzeko aliantza berriak aztertzeko ere balio du. Gainera, gure ikasleek atzerrian prestakuntza DUALa egin dezaten lantoki berriak bilatzen ari gara. Horrela, eskola Europara irekitzen jarraitzen dugu, eta gure ikasleei aukera gehiago eskaintzen dizkiegu profesionalki eta pertsonalki hazteko.

Azkenik, bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu Lycée Polyvalent Hôtelier Lesdiguières ikastetxeko zuzendaritzari, irakasleei eta ikasleei, bereziki Isabelle Gonçalves-i. Adeitasun eta maitasun handiz hartu gaituzte. Lehen unetik etxean bezala sentiarazi gaituzte, eta harrera horri esker are baliotsuagoa da esperientzia hau. Laister Gamarrako suakaldeetan elkartzea espero dugu.

Enlaces y documentos
    Partekatu Sareetan:
    Síguenos:
    Jarraitu:
    Back To Top